Eskola kontseilua berriztatu

KONTXA

GURASO ELKARTEA

ASOCIACIÓN DE MADRES Y PADRES

 

Eskola kontseilua berriztatu

 

Martxoaren 20an, datorren asteartean, eskola kontseiluaren erdia berriztatzeko hauteskundeak ditugu eta J.M. Sanchez Marcos eskolan umeren bat duen edozein guraso izan daiteke hautagai, ama zein aita. Aurten G.E. (Gurasoen Elkarteko) edo gurasoen ordezkarien erdiak berriztatu behar dira, hain zuzen ere zortzi kontseilu-kide.

 

Guraso Elkarteak (G.E.), orain arte bezala, gure ahalegintxoa egin nahi du gure seme-alaben irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko, horretarako gure hausnarketak, gogoetak, egitasmoak eta plan zehatzak aurkeztuz. Hezkuntza sistemaren hobekuntzan eta eskola-elkartean eragiteko gurasook ez gara alde bat, zatitxo bat baino. Badira hezkuntza prozesuan ardura maila eta gradu desberdinetako erakundeak eta pertsonak: Hezkuntza Saila, Bilboko Udala (ez bakarrik, baina batez ere eraikinaren egoerari dagokionez), Ikastetxeko Zuzendaritza, irakasleak, gu geu, Eskola Kontseilua (OMR) e.a.

Orain arte, Sanchez Marcos eskolako Guraso Elkartea saiatu da zerbitzu publikoa kalitatezkoa izaten, horregatik mugitu zen hainbeste, beste kontu batzuen artean, legez kanpo zabalik zegoen eta gure umeentzat oso arriskutsua izan zitekeen gasolindegia ixteko, eta bide erreza izan ez bazen ere azkenean lortu genuen RAGeko zerbitzugunea ixtea.

 

KONTXAko Guraso Elkartea nabarmendu izan da, nahiz eta, edozein giza taldetan normala den bezala, bere barruan iritzi eta sentsibilitate desberdinak izan hainbat gairen inguruan,  pedagogi aurrerakoia eta ez zigortzailea defendatzen, didaktika gaurkotua eta ikasketa materiala eguneratuaren alde egiten, benetako elebitasunaren alde, eskolako kirola eta beste jarduerak egoki egiteko toki egokien alde, eskolan leku guztiak osasungarriak izan daitezen…

 

Eskolak kanpotik zoragarria ematen du, baina badu zer konpondu, zer hobetu barrutik. Joan den udaberrian behin eta berriro udalari gimnasioan zeuden eta dauden hezetasunak, Kontxa kaleko bide seinaleak jartzeko, eta baita geroxeago bainugeletako konketen eusgarriak, lau itogin (bi oso aspaldikoak, hamar urte ingurukoak), eskaileren eta pasilloetan eragina duten barruko patioko hezetasunak, berotasunak ihes egiten duen zirrikituz betetako leiho zaharrak, pintura eroria eta kalefakzio sistema  konpontzeko edota hobetzeko eskatu ondoren, orain ari dira konponketa prozesuan.

 

Guraso Elkarteak igerilekuetako autobusak ordaintzen lagundu du, eta halaber, euskara maila hobetzeko barnetegietako egonaldiak, ipuin kontalariak, kultur asteak, Olentzero, Inauteriak, ikasturte bukaerako umeen txangoa, eta iaz lehen aldiz antolatutako ikasturte bukaerako Eskolako Jaia.  

 

Orduz kanpo antolatzen diren jarduera gehienak  Guraso Elkartearen esku eta ardurapean egon dira, horrek, batez ere, esan nahi du ikasturte hasieran ordu eta energi pila dedikatu behar zaiola kontu horiei. Horiez gain, guraso-eskola, udako koloniak eta abar antolatu ditu.

 

Nahiz eta beti nahi beste denbora ez izan, denok baititugu beste kontu batzuk gure bizitan, saiatzen gara mota desberdinetako bilerak egiten: batzutan patioan bertan agian pixka bat informalak, eta beste batzuk formalagoak hilean behin, lehenengo astelehenetan, eta urtero gutxienez bitan egiten saiatzen garen asanblada egiten dugu, familia guztietara horren berri helarazten dugularik. Asanblada horietan garaian garaiko berri eman, kezkak azaldu, aztertu eta azaltzen diren proposamenen artean erabakitzen dugu nola jo aurrera. Dituen bertute eta akats guztiekin, oraingoan ere, horrelako prozesua jarraitu dugu Guraso Elkarteak Kontseilura aurkezten dugun zerrenda egiterakoan. Dena, indarrak batuz, guztion artean gure seme-alaben hezkuntza hobetze aldera.

 

 

ESKOLA HOBETZEKO PARTE HARTU 20an

 

Eman botoa Guraso Elkartearekin

Errankizunak itxitak