C.E.I.P. JUAN MANUEL SÁNCHEZ MARCOS HLHI
HEZKUNTZA PROIEKTUA
PROYECTO EDUCATIVO
1.- Aurkezpena
C.E.I.P. Juan Manuel Sánchez Marcos HLHI ikastetxea titulartasun publikoko ikastetxe bat da (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila). Bilboko erdiguneko udal-eraikin batean dago. Eraikin hori 1894. urtean eraiki zen, eta herritarrek “las escuelas de Concha” esaten zioten, eta azken urteetan, Kontxaeskola.
Eskola horiek izan ziren Abandoko barrutian eraiki ziren lehenak, Albian eraiki ziren Berastegikoekin batera. Edesio de Garamendik, udal-obren saileko arkitekto buruari egokitu zitzaion proiektua egitea, eta eraikin orekatu bat diseinatu zuen, erdiko atariaren inguruan egituratuta zegoena. Gaur egun, erdiko atari horretan dago eskolako janlekua, eta atari edo jolasleku estali bat jarri zuen fatxada bereizgarritik zegoen sarbidean.
1916. urtean, Ricardo Bastidak eraikinaren sotoetan dutxa publikoak jartzeko proiektua burutu zuen. Gaur egun, espazio horretan 2 urteko ikasgelak daude, eta sarreran jatorrizko errotulazioak jarraitzen du.
Ikastetxean Haur Hezkuntza (2 urtetik aurrera) eta Lehen Hezkuntza, bi lerrotan, eskaintzen dira, D hizkuntza-ereduan. Gure ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza I.E.S Miguel de Unamuno BHI-an ohiko ibilbidea daukate. Ikastetxe hori gure zentrotik oso gertu dago.
Aurreikusita dago ikastetxea handitzea eta Haurreskola (0-2 urte) irekitzea, ondoan eraikitzen ari den eraikineko lokaletan. Espazioaren lagatze horri esker, ikastetxeko ekipamendua hobetu egingo da eta hezkuntza-eskaintza zabalduko da.
Ikastetxeak Bilboko erdigunean kokapen pribilegiatua duenez, hiriko kirol- eta kultura-eskaintza erabiltzeko aukera dugu. Hori dela eta, gure ikasleek Bilboko hainbat zerbitzuk eskainitako jardueretan eta ekitaldietan parte hartzen dute, hala nola La Alhondigak, Guggenheim eta Arte Ederren Museoek, Campos eta Arriaga Antzokiek eta El Carmen aretoak eskainitakoetan.
C.E.I.P. Juan Manuel Sánchez Marcos HLHIko hezkuntza-komunitatearen baitan sartzen dira ikasleak, ikasleen familiak, irakasleak eta irakasleak ez diren langileak.
Sektore horien arteko harremanak errazak dira, eta ikasleen hezkuntzan eta ikastetxean giro ona izaten laguntzen dute.
Era berean, hezkuntza-komunitateak harreman ona du Bilboko Udalarekin nahiz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, eta haiekin batera lan egiten du ikastetxea eguneratu eta hobetu nahian.
Ikasleak (2 urtetik 12 urtera) kultura anitzeko ingurunetik datoz. Hori dela eta, tokiko pertsonez gain, Europa, Asia, Amerika eta Afrikako hainbat jatorrizko herrialdetako familien sorta zabala dago. Horrek, ama-hizkuntza, kultura-ohitura eta gizarte eta ekonomia maila desberdinak izatea eragiten du.
Gurasoen elkarte bakarra dago. Guraso elkarte horren batzarrak lan garrantzitsua egiten du eskolaz kanpoko jarduerak, eskolako asegurua, 2 urteko ikastetxeko laguntzaileak eta goizeko haurtzaindegia kudeatzen.
Zerbitzu horiekin lotutako pertsonak erabat integratuta daude eskola-bizitzan eta urte asko daramatzate ikastetxean lan egiten. Guraso Elkarteak positiboki parte hartzen du eskola-bizitzan eta ikastetxearen kudeaketan, Eskola Kontseiluaren bidez.
Hezkuntza Sailak izendatutako irakasle eta hezitzaileek talde egonkor eta esperientziaduna osatzen dute, eta eskola inklusiboaren esparruan aniztasunaren arretarekin eta pertsona bakarreko eta organo kolegiatuen bidez zentroa kudeatzearekin konpromisoa dute.
Irakasleak ez diren langileak, alde batetik atezainak eta garbitzaileak, Udaleko langileak direnak, eta beste alde batetik jantokiko langileak zerbitzuaren enpresa esleipendunarentzat lan egiten dutenak antzinakotasun eta egonkortasun handikoak dira zentroan.
2.- Helburuak
C.E.I.P. Juan Manuel Sánchez Marcos HLHI ikastetxeak, ERRESPETUA, TOLERANTZIA, ELKARTASUNA eta ERANTZUKIZUNA oinarri hartuta, datozen lau urteetan helburu estrategiko hauek garatuko ditu:
METODOLOGIA
Ikasleen ongizatea lortzea eta beren gaitasun pertsonalak, sozialak eta akademikoak irakasleen esku-hartze baten bidez ahalik eta gehien garatzen laguntzea. Esku-hartze horren oinarria metodologia-erreferentzia zehatz eta ezagun bat izango da, aniztasuna oinarri hartuta, hezkuntza-programa malgu eta dinamiko batzuen bidez gauzatzen dena. Programa horiek ikasle bakoitzaren aurrerakuntzetara nola egokitzen diren aintzat hartuz ebaluatuko dira.
HIZKUNTZAK
Hizkuntza-gaitasunak eskuratzen direla bermatzea, gure ikasleek beren prestakuntza euskaraz jarraitu ahal izan dezaten. Hizkuntza-gaitasuna gaztelaniaz nahiz ingelesez garatzea, hirueletasuna garatzen laguntzeko.
GIROA
Ikastetxe ireki bat lortzeko lan egitea, non jarrera positiboak eta konstruktiboak izateko konpromisoa oinarri hartuta, ikastetxeko kide izateko sentimendua denon artean ohikoa izan dadin, eta non familiekin batera lan eginez gure ikasleen hezkuntzarako lortu nahi ditugun helburuak garatzen diren.
BIZIKIDETZA
Ikasleak heztea eta hezkuntza-komunitate osoari ikastetxe honen lehentasunezko balioekiko konpromisoa harraraztea, pertsona zintzoak eta gatazkak konstruktiboki konpontzeko gai izan daitezen.
KOMUNIKAZIOA
Gure ikastetxeko funtzionamenduaren, jardueren eta alderdi positiboen hedapenaren alde egitea, ikasleen hezkuntzan parte hartzen duten eragile guztiekin komunikazio erraza izatea sustatuz.
MATRIKULA
Eremuan erreferente bat izatea baliabideen kudeaketan -baliabideen mantentzea eta hobekuntza- dugun kalitateagatik eta familiekiko eta inguruneko gainerako pertsonekiko dugun iristerraztasunagatik.
BERRIKUNTZA-HOBEKUNTZA
Irakasleen, ikasleen eta familien parte-hartzea sendotzea ekimen berritzaileetan, prestakuntzarako, hausnarketarako eta konpromisorako espazioak sortuz, hobekuntzarekiko jarrera irekian oinarrituta.
3.- Ildo pedagogikoa
C.E.I.P. Juan Manuel Sánchez Marcos HLHI ikastetxearen ildo pedagogikoak printzipio hauek ditu oinarri:
– Ikastetxea eskola inklusibo gisa ulertzea.
– Ikaskuntza esanguratsua eta banakatua.
– Euskal Herriko kulturarekin eta hizkuntzarekin konpromisoa.
IKASTETXEA ESKOLA INKLUSIBO GISA ULERTZEA.
Lehentasuna emango diegu, alde batetik, gure ikasleen arteko aniztasunaren (jatorri anitzekoak eta ikaskuntza-erritmo desberdinekoak baitira) erantzunari , eta bestetik, bizikidetza-giro bat sortzeari, ikasleen eta hezkuntza-komunitate osoaren hezkuntzaren eta garapen osoaren alde egingo duena.Horretarako:
-
Tutoretzaren bidez, ikasleen garapenaren, heltzearen, inklusioaren, orientazioaren eta ikaskuntzaren alderdiei berehalako arreta ematea sustatzen dugu, banaka eta taldean (Tutoretza-ekintzako plana).
-
Ikasle berriei eta beren familiei harrera egiten diegu, zentrora iristean akonpainamendua eginez (Harrera Plana).
- Aniztasunaren arretarako proiektuak garatzen ditugu (PROA, HIPI eta EISE tailerrak).
- Eskola-zerbitzuak eskaintzen ditugu:jangela, liburutegia, eskolaz kanpoko jarduerak, goizeko gela eta auxiliarrak 2 urteko geletan.
- Ekitate-programak kudeatzen ditugu (Hezkuntza-bekak eta Testuliburu Solidarioak).
IKASKUNTZA ESANGURATSUA ETA INDIBIDUALIZATU ETA IREKIA
Ikaskuntza-eredu esanguratsuari jarraituz egiten dugu lan. Eredu horrek, ikaslearen aurretiko jakintzak oinarri hartuta, estimulu positiboak eta motibatzaileak ematen dizkio umeari, jakintza berriak aurretik dituenarekin lotu ditzan. Jakintzak funtzionalak izango dira, eta eguneroko bizitzan aplikatuko dira ikasleek hizkuntza, matematika, gizarte, emozio eta ikaskuntzarako gaitasunak eskura ditzan.
Lankidetza bidezko ikaskuntzaren alde egiten dugu, erabakiak hartzea, gatazkak konpontzea eta hezkuntza emozionala ahalbideratzen duten jarraibideak emanez. Gure talde-ikasgelak ez daude masifikatuta, eta hori esker, banaka lan egin dezakegu haur bakoitzarekin, programak beren beharretara egokituz, ikasleek beren ahalmenak ahalik eta gehien gara ditzaten eta hezkuntza-bikaintasuna lor dezaten (Hezkuntza Indartze Plana).
Ikasgelako programazioetan hainbat baliabide didaktiko erabil daitezke, hala nola testu-liburuak, eskuz erabiltzeko materiala, ikus-entzunezko materialak eta IKT, honez gain, irakasleen esku-hartze eta taldekatze malguak erabil daitezke, besteak beste: banaketak, laguntza ikasgelaren barruan eta kanpoan, talde handia, talde txikia eta bikoteak. Izan ere, programazioetan ikastetxetik kanpo egiten diren jarduera osagarriak ere sartzen dira: igeriketa-ikastaroak, hiriko kultura-eskaintzan parte hartzea, hizkuntza indartze barnetegietan egonaldiak eta abar. Eta ikastetxearen barruan ere jarduera osagarriak programatzen dira, eta horretarako, espazioak optimizatzen dira, erabilera anitzetarako erabiliz, hau da, curriculum-, jolas- eta kultura-erabileretarako.
Irakasleen prestakuntza iraunkorra ikastetxearen ezaugarri bereizgarri bat da.Prestakuntza hori Berritzeguneko mintegietan, Garatuko ikastaroetan eta beste deialdi batzuetan parte hartuz gauzatzen da, halaber, berrikuntza eta hobekuntza ematen duten proiektuetan: Eskola 2.0. , MET, Adimen Emozionala.
Gure ustez, ebaluazioa hobekuntzarako tresna bat da, eta ikasle bakoitzari, taldeei, ikaskuntza- eta irakaskuntza-prozesuei, irakaskuntzari, eta ikastetxeko antolaketari eta funtzionamenduari buruzko informazioa ematen digu.Barne-ebaluazioa, jarraitua dena, egiteaz gain, kanpokoak erraztatzen ditugu (Diagnostiko Ebaluazioa eta PISA).Txosten horietako guztietako emaitzak oinarri hartuta, hobekuntza-planak diseinatu eta abian jartzen ditugu, Idazketa eta Buruketak ebazteko tailerrak.
EUSKAL HERRIKO KULTURAREKIN ETA HIZKUNTZAREKIN KONPROMISOA
Ikastetxeko komunikazio-hizkuntza euskara da.Urteko plangintzetan jarduera berritzaileak eta motibatzaileak programatzen ditugu, hizkuntza-gaitasuna hobetzeko.
Gure kultura eta tradizioak curriculumaren atala izateaz gain ikasturtean zehar ospatzen diren eskola-festetan, aintzat hartzen ditugu (Euskal Astea, Olentzero, Agate Deuna, Ihauteriak, Korrika, Liburu Astea eta Ikasturte Amaiera).
4.- Antolaketa-kultura
Ikastetxearen antolaketak ezaugarri hauek ditu:
- Erabakiak hartzeko elakarbanatutako eredua (Batzorde Pedagogikoa, Klaustroa eta Eskola Kontseilua) eta informazio eta jakinarazpen prozedura (Ikasturte hasierako gutuna eta beste jakinarazpen gutun batzuk, informazio ormairudiak, posta elektronikoa eta Kontxaeskola web-orria).
- Eskola giro antolatu eta segurua bermatzen duen arautegia (R.O.F.).
-
Ordutegien, egutegien, hezkuntza-zerbitzuen eta abarren organigrama bat, ikasleen ezaugarriei eta familien beharrei egokitua, eta eskola-komunitate osoak adostutakoa.
- Hezkuntza-proiektuaren helburuak garatzen dituen Zuzendaritza Proiektua.
C.E.I.P. JUAN MANUEL SÁNCHEZ MARCOS HLHI-ko ORGANIGRAMA